XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IV. LEGE ESPARRUA.

1. Arautegi Orokorra.

Nazio Batuen Biltzar Nagusiak, 1989ko azaroaren 20an egin zuen bileran, Haurraren Eskubideen Konbentzioa onartu zuen, eta gure herrialdean 1991ko urtarrilaren 5ean sartu zen indarrean (1990/12/31ko B.O.E.).

Toki guztietan Konbentzioa hartzen dute aldi berri baten hasieratzat, eta honetatik abiatuta, eskubide eta askatasun demokratiko sorta baten indarrez, adingabeei begirunea izateko eta bere partaidetza onartzeko esparru bat aitortzen da.

Azaroaren 11ko 21/87 Legeak, Kode Zibileko eta Auzipetze Zibileko Legearen hainbat artikulu aldarazten dituenak, adingabearen babeserako esparrua errotik eraldatzen du.

Lehenbiziko aldiz, erabateko famili integraziorako elementutzat hartzen da adopzioa; famili harrera babeseko instituzio berritzat itxuratzen da; adingabearen interesa lehentasunezko tokian jartzen da oro har, berarekin zerikusirik duten administrazio zein lege ekintza guztietan alegia; Ministerio Fiskalaren eskumenak zabaltzen dira, adingabeen eskubideen babesle gisa; abandonoaren figuraren ordez babesik ezarena jartzen da, eta adingabeen babesaren arloan jarduera prozeduren DESJUDIZIALIZAZIOA deitu dioten hori gertatu da.

Ordurarte, abandonaturiko adingabeen babesaren zein adingabe lege-hausleen erreformaren arloan, Adingabeen Tutoretzako Auzitegiarena zen eskumena. Eta 21/87 Legeak herri erakundeen eskuetan laga zuen adingabeen babesaren eskumena, eta erreformarena, berriz, Adingabeen Auzitegien eskuetan.

Urtarrilaren 15eko 1/96 Lege Organikoak, Adingabearen Lege Babesari buruzkoak, Kode Zibilaren eta Auzipetze Zibileko Legearen Aldaketa Partziala eragiten duelarik, eta 21/87 Legeak ezarritako irizpideei jarraiki, adingabeen eskubide eta betekizunen katalogo osoa egin du, eta hainbat aurrerapen eskaini du arlo honetan.

Alde batetik, 21/87 Legearen aplikazioan somatutako hutsuneak betetzea baitu helburu eta, bestetik, gizartearen premia eta eskari berriei egokituriko lege esparrua eskaintzea, arlo honetako arau-garapena eta Herri Administrazio eta erakunde pribatuen interbentzioa ezinbestez arautu behar dituzten jarduera-ildoak ezarriz.

Lege-antolamenduak herri administrazioei ezartzen dizkien babes eginkizunak betetzeko, 1/96 Lege organikoak arrisku egoerak eta babesik gabeko egoerak bereizten ditu. Lehenbiziko kasuan, eskumena duten herri administrazioek egoera pertsonal eta sozialean eragiten duten gizarte arrisku eta zailtasuneko faktoreak murrizten ahalegindu behar dutela ezartzen du legeak, adingabea eta bere familia babesteko faktoreak sustatzeaz gain betiere.